lunes, 6 de marzo de 2017

1. Atxikimendua: definizioa 


Haurraren eta beste pertsona baten artean garatzen den lotura emozional berezia, denboran zehar mantentzen dena, bien arteko interakzioari esker garatzen dena, eta elkarrekin egoteko nahia eta banatzean larritasuna sortzen dituena. Atxikimendua bizitzaren lehenengo urtean zehar garatzen da, eta haurraren eta haren zaintzaileen arteko harreman moten menpe egongo da.

Ezaugarriak:

 - Atxikimendua garatu egiten da: hau da, ez da jaiotzetikoa; aitzitik, prozesu baten ondorioz sortzen da, garatzen da. Atxikimendua “landu” edo “zaindu” egin behar da. 

 - Lotura emozional berezia. Gure bizitzan zehar pertsona batekin baino gehiagorekin lotura emozionalak garatzen ditugun arren, gutxi batzuekin dira bereziak lotura emozional horiek. Definizio honekin atxikimenduaren alderdi emozionala azpimarratzen da. 

 - Denboran zehar mantentzen den lotura emozionala da, iraunkorra. Atxikimendua pertsona gutxi batzuen alderakoa izaten da; pertsona horiek umearentzat oso bereziak izango dira, eta haien arteko harremana berezia eta lehentasunezkoa izango da. 

 - Pertsona biren arteko interakzioari esker garatzen den lotura emozionala da. Atxikimenduan pertsona biren inplikazioa behar da: haurrarena eta atxikimendu-irudiarena. Biek elkarrekin dituzten portaera eta jarrerei esker lotura emozional berezi hori sendotuz joango da. 

 - Atxikimendua portaera batzuekin adieraziko da: elkarrekin egoteko nahia eta banatu osteko larritasuna.     

2. Atxikimenduari buruzko teoriak: zertarako garatzen da atxikimendua? 


Atxikimenduaren garapena ulertzeko, zenbait teoriaren ekarpenak izan ditzakegu kontuan.

Hurrengoak dira garrantzitsuenak: teoria psikoanalitikoa, ikaskuntzaren teoria, teoria kognitibo-konduktuala eta teoria etologikoa (Shaffer, 2000).

Teoria psikoanalitikoa: elikatzen nauzulako maite zaitut 

Freud-en teoria kontuan izanik, haur jaioberriak aho-fasean daude; hau da, mundua ahoaren bitartez ezagutzen dute, dena xurgatuz, eta xurgapen horiekin plazera lortzen dute. Ama denez plazer horren iturria, hark elikatzen duelako, haurrak berarenganako atxikimendua garatzen du. 

Hala ere, beste psikoanalista batek, Erikson-ek, zioenez, elikadura baino garrantzitsuagoa ama harkorra izatea da, hau da, haurrak hautematea ama beti dagola prest beraren beharrizanak asetzeko eta plazera emateko.  

Baina, nahikoa al da elikatzea atxikimendua garatzeko? Galdera horren erantzuna aurkitzeko, hurrengo teoriaren oinarriak aztertu beharko ditugu, ikaskuntzaren teoriakoak, alegia.


Ikaskuntzaren teoriak: saritua izateak bestearenganako maitasuna sorrarazten du 

Ikaskuntzaren teorikoen arabera, haurrak ama erlazionatzen du egoera atseginekin: ez soilik elikadurarekin, baizik eta horren inguruko beste hainbat ezaugarrirekin ere. Haurra gustura dago amak elikatzen duenean, eta irribarre eta hots bereziak egiten dizkio amari; amak irribarrez eta arretaz erantzuten dio, zaintza-portaerak sendotuz. Gainera, elikatze-unea oso une intimoa da bientzat, bata bestearekin daude, elkarren arrimuan, elkarri begira, laztanak eginez, eta abar.  

Beraz, haurrak ikasten du amarekin egotea “saritua izatea” dela; horrenbestez, atxikimendua garatua dagoela esan dezakegu: haurrak pertsona horrekin egon nahiko du, eta hura alde egitean protesta agertuko da.  

Hala ere, berriro sortzen zaigu lehengo galdera: zenbateraino da garrantzitsua elikadura? Elikadura soilik nahikoa da? Horixe da Harry Harlow-ek 1959. urtean aztertu nahi zuena.  

Amarengandik banandutako tximino batzuk mota biko ama “aizun”en aurrean jarri zituen: batak esnea zuen, baina alanbrezkoa zen, hotza eta gogorra; besteak ez zuen esnerik, baina felpazkoa zen, biguna, goxoa eta beroa. Bere ikerketetan ikusi zuen bezala, tximino txikiek nahiago zuten ama bero eta biguna, nahiz eta hark ez zituen elikatzen.  

Harlow-en esperimentua ikusteko, egin klik esteka honetan:
http://www.youtube.com/watch?v=HcTdx0OJjl4 

Beraz, ikerketa horien ondorioz zera esan dezakegu: elikadura EZ da nahikoa atxikimendua garatzeko.  Schaffer eta Emerson-ek (1964) ondorioztatu zuten bezala, elikadura bera baino aldagai garrantzitsuagoak dira, batetik, amak haurraren portaeraren aurrean harkor egoteko duen gaitasuna eta, bestetik, amak ematen dion estimulazioa: atxikimendu sendoagoak garatzen dituzten haurren amek beren mezuei egoki eta berdintsuan erantzuten diete eta haiekin asko jolasten dira.

Teoria kognitibo-konduktualak: zu maitatu ahal izateko, hor egongo zarela jakin behar dut 

Teoria kognitibo-konduktualak garapena osotasun batean ulertu behar dugula gogoratzen digu, eta haurrak atxikimendua garatu ahal izateko gaitasun kognitibo batzuk ere garatuak izan behar dituela. Gaitasun horien artean “objektuaren iraunkortasuna” azpimarratu behar genuke: haurrak ulertu behar du atxikimendu-irudia bistatik kanpo egon arren hark existitzen jarraitzen duela. 

Teoria etologikoak: beharbada, maitatzeko prest jaio naiz

Lorenz etologoak ikusi zuen hegazti batzuk jaiotzean ikusten duten hegaztiari edo edozein objekturi “atxikitzen” zaizkiola, baina, atxikimendu kontzeptua erabili beharrean, inpronta hitza erabili zuen. Ondorio horiek gizakiaren portaera azaltzeko erabilgarriak izan zitezkeela pentsatu zen, baina gizakion kasuan atxikitzeko portaerak automatikoak ez direla egiaztatu da, nahiz eta egia izan jaiotzetik bertatik haurrak atxikitzeko “gaitasun” edo ezaugarri batzuk dituela, gero ikusiko dugun bezala.

3. Atxikimenduaren osagaiak 


Atxikimendua hobeto ulertzeko asmoarekin, horren osagaiak azter daitezke banan-banan (nahiz eta guztiek osotasun bat eratu). Beraz, atxikimenduaren osagai hauek aztertuko ditugu (López eta Ortiz, 1999): 

- portaerak
- harremanaren irudikapen mentalak
- sentimenduak

a) Portaerak  

Atxikimenduaren portaerak erraz bereizten dira, behagarriak direlako, begibistakoak. Haurrak hurbiltasuna bilatu eta mantentzeko erabiltzen dituen portaera guztiak dira, mota askotakoak. Bowlby-k bost portaera nagusi bereizi zituen: xurgapena, besarkada, negarra, irribarrea eta zaintzailearen atzetik joatea (Lebovici, 1988). Azken finean, zaintzailearen hurbiltasuna, kontaktua eta komunikazioa bilatzen dituzten portaerak dira (Ainsworth eta Bell, 1970).  

Portaera horiek testuinguruaren arabera aldatuz joango dira. Horrela, testuinguru bat ume horrentzat ezaguna bada, ziur aski portaera horiek ez dira agertuko. Ordea, testuingurua ezezaguna, mehatxagarria... bada, portaera horiek aktibatuko dira, eta umea saiatuko da bere atxikimenduirudiarengandik hurbil egoten. 

Beraz, ondorio gisa, zera esan dezakegu: umeak inguru edo egoera bat mehatxagarria dela hautematen badu (gaixotasuna, mina, haserrealdiak, banatze laburrak, ezezagun batekin gelditzea...), atxikimendu-portaerak aktibatuko dira. 

Portaera horiek oso bereziak dira, espezifikotasun eta sendotasun handia dutelako, eta, beste portaera batzuekin konparatuz, intimitate-maila handi bat dute, eta maiztasun handiarekin agertzen dira. Gorputzen arteko kontaktua asko bilatzen duten portaerak dira, keinuetan oinarritutako komunikazioarekin bat gertatzen direnak. Beraz, portaera horiek aztertzean interakzioak garrantzi handia hartzen du, bataren portaerek bestearen portaeretan eragina dutelako. 

Bestalde, portaera horiek aurreko esperientzien eta umearen garapenmailaren arabera ere aldatuz joango dira. Horrela, adibidez, umeak, hitz egiteko gaitasunak eta gaitasun motorrak garatzen dituenean, ez du zertan negarra erabili (behintzat, ez horrenbeste): negar egin beharrean, atxikimendu-irudiari deituko dio edo horren atzetik joango da katamarka. Gainera, aurreko esperientzien arabera, umeak portaera batzuk mantendu egingo ditu (arrakasta izan dutenak, hau da, bere helburua lortzen lagundu diotenak), eta beste batzuk moldatuz joango da. 

b) Harremanaren irudikapen mentalak 

Atxikimendu-irudiekiko eredu mental bat egitea beharrezkoa da atxikimendua sortzeko. Baina zer esan nahi du eredu mental kontzeptuak?  

Bowlby-k (1969) azaldu zuenez, haurrak bere hurbileko pertsonekin izandako harremanei buruz eredu mental bat garatzen du, horren barruan sarturik oroitzapenak, itxaropenak eta emozioak. Eredu mental hori eraikitzerakoan, garrantzitsuena zera da:

- Atxikimendu-irudiarengan nabaria den baldintzarik gabeko prestasuna (beraren beharra dudanean, hor dagoela beti).
- Haurrak bere atxikimendu-irudiaren premia duenean, hark erakusten duen eraginkortasuna (ondo daki nire mezuak interpretatzen eta haiei erantzuten). 

Hori horrela ez bada, atxikimenduaren funtzio garrantzitsuena (segurtasuna ematea) galtzen da. 

Eredu mental horiek esperientzia batzuetan oinarritzen dira; hain zuzen ere, umeak esperientzia horiei emandako interpretazioetan. Beraz, esperientzia horiek kutsu negatibo bat izan badute umearentzat, lotura afektiboetan gabeziak edo patologia larriak ager daitezke. 

c) Sentimenduak 

Esan dugunez, atxikimendua lotura afektibo bat da; beraz, sentimenduak inplikatzen ditu. Sentimendu horiek bai umean, bai atxikimenduirudiarengan agertuko dira. 

Osagai zailena dugu ikertzeko (ez da behagarria, ez da objektiboa, ezin da zuzenean neurtu...), eta, ondorioz, gutxien ikertu dena da. 

Sentimendu horiek positiboak (batez ere, elkartzearekin lotuta doazenak) eta negatiboak (banatzearekin lotuta doazenak) izan daitezke, baina negatiboak dira gehien ikertu direnak. 

Atxikimendu-irudiekin lotura sendo eta seguruak garatzen baditugu, badirudi horrek seguru sentiarazten gaituela pertsona hori hurbil dugunean, baina harengandik banatzean larritasuna sortzen da. Beraz, alde batean, poztasuna eta segurtasuna ditugu, eta, beste aldean, larritasuna. Baina, erdian, beste hainbat sentimendu daude, behar beste ikertu ez direnak.


4. Haurra eta atxikimendu-irudia, atxikimenduaren parte-hartzaile aktiboak

Definizioan ikusi dugun bezala, atxikimendua interakzioari esker garatzen da, hau da, pertsona bik parte hartzen dute, era aktibo batean: haurrak eta atxikimendu-irudiak.

a) Haurra 

Haurra parte-hartzaile aktiboa izango da atxikimenduaren garapenean, nahiz eta jaioberriak direnean ia denbora guztian lotan dauden eta kanpokoen kontzientziarik ez dutela dirudien. Hala ere, egia da jaiotzen direnetik haurren ezaugarriak atxikimendu horren erakuntza errazten dutela (hala nola, haurraren aurpegiaren itxura). 

Haurrak txikiak direnean fisikoki erakargarriak dira (aurpegi biribila, sudur txikia, begi handiak, masail beteak, bekoki zabala…), eta ezaugarri horiek, batetik, haien zaintza eta erantzun positiboak sustatzen dituzte eta erantzun negatibo edo oldarkorrak inhibitzen. Jaioberri batengana hurbiltzen garenean, irribarre egiten dugu, begiak ireki eta hizkuntza samurtu egiten dugu. Gauza bera gertatzen da animaliekin: kume bat ikusten dugunean, samurtasuna pizten zaigu, haien itxura gustukoa dugulako. 

Hala ere, animaliekin konparatuz, gizakia askoz ere mendekoagoa da, eta norbaiten zaintza beharko du hilabete eta urteetan zehar. Helduok, mendekotasun horren kontzientzia izanik, haurra babesten saiatuko gara, atxikimendu-portaerak sustatuz. 

Jaiotzetik dituen ezaugarriez gainera, haurrak baditu atxikimendua garatzen lagunduko duten beste ezaugarri batzuk. Jaiotzetik nabari zaion gizakienganako interesak asko lagunduko dio bere inguruko pertsonen arreta jasotzen. The Baby Human dokumentalean ikus dezakegunez (beheko estekan klik egin; 7 minutuko bideoa da), haurrek oso txikitatik pertsonen aurpegiarekiko interes handia erakusten dute.  
http://www.youtube.com/watch?v=jGwT3xUkEJ8  

Bere ezaugarri fisiko eta gaitasun pertzeptiboak gorabehera, haurra laster konturatuko da portaera batzuen bidez ingurukoen arreta lortzen duela, eta bere beharrak eta nahiak adieraz ditzakeela, besteek haiei erantzuna emateko. Horrela, negarra kontrolatzen hasiko da (eta zaintzaileek laster bereziko dituzte loguraren negarra, gosearen negarra edo minaren negarra), irribarre egingo du gustura dagoela adierazteko, eta zaintzaileek mezu horiei guztiei erantzun bat eman beharko diete, egokia izanez gero, atxikimendua bultzatzeko.  

Bukatzeko, ez dugu ahaztu behar haurraren tenperamentuak ere atxikimenduaren garapena baldintzatu dezakeela (haur suminkorrak, adibidez).

b) Atxikimendu-irudia  

Atxikimendu-irudiak, beren portaera eta jarreren bidez, atxikimenduaren garapena bultzatuko du. Portaera horiek, besteak beste, hauek dira: gorputz-kontaktua (laztanak, musuak, besarkadak...), begiradari eustea, hizkuntza berezia erabiltzea (erraza, errepikakorra, esanahi zehatzik gabeko soinuz osatua), neurriz gaineko eta luze irauten duten aurpegi-espresio irrigarriak, eta abar (Ortiz, 2000).  

Hala ere, atxikimendu-irudiaren ezaugarrietatik zerbait azpimarratu behar bagenu, atxikimenduaren garapena bultzatzen duena zera litzateke: zaintzaile horrek duen gaitasuna haurraren mezuak ulertu eta haiei erantzun egokia emateko. Hau da, haurrak negar egiten badu gose delako, zaintzaileak hori ulertzea eta haurrari jaten ematea, eta ez soilik pixa-oihala aldatzea.  

Zein dira, beraz, zaintzaile batek izan behar dituen ezaugarriak atxikimendu seguru bat garatzeko? 

Garrantzitsuena ez da zaintza bera edo zaintza horretan ematen dugun denbora, baizik eta harreman horren kalitatea: maitabera, gertukoa eta jarraitua, zaintzailea eta haurra gustura sentiarazten dituena.

Zaintzaileak eta haurrak elkarrekin egoteagatik pozik egon behar dute. Bowlby-k (1972) esaten zuen bezala, haurrak sentitu behar du ama hartaz harro dagoela eta gustura dagoela berarekin dagoenean. Interakzio berezi horren ezaugarriak ondoren azalduko ditugu (Gonzalo, 2009):

- Zaintzailearen sentiberatasuna.
Zaintzailearen gaitasuna eta gogoa haurraren portaerak eta egoera emozionalak interpretatzeko, haurraren ikuspuntua kontuan izanda, eta portaera horiei erantzun egokia emateko. Haurrarekin hitz egitea, kontaktua izatea eta arreta jartzea oso garrantzitsuak dira haurrari segurtasuna emateko eta zaintzailearen eta haurraren artean lotura sendoak garatzeko.  

- Sinkronia.
Haurraren eta zaintzailearen arteko koordinazio eta bateratasuna. Bata bestearen pentsamendu eta sentimenduen alderako interesa nabarmenak direnean gertatzen da. Haurrak amaren urduritasuna, poztasuna, tristura… sentitzen ditu, eta horren sentimenduekin bat egiten du: ama urduri nabaritzean, haurra ere urduri jartzen da. 

- Zaintza egonkorrak eta jarraituak denboran zehar.
Haurrak sentitu behar du beraren zaintzaileak eskuragarri daudela, batez ere haurra zaurgarriago dagoenean, adibidez, gaixorik dagoenean, beldur denean, egoera ezezagun batean dagoenean, eta abarretan. Hau da askotan instituzioetan hazi diren umeek izaten duten gabezia garrantzitsuenetariko bat, zaintzaileak aldatuz doazelako txanden arabera, eta hainbat ume zaindu behar dituztelako batera.

5. Atxikimenduaren funtzioak 

Lehenengo eta behin aipatu beharreko funtzioa bizitza ahalbidetzea litzateke. Haurrak ezin izango lirateke bizi beste batek zaindu ezean: jaiotzen garenean guztiz mendekoak gara. Ez da kasualitatea atxikimendu portaerak 9. hilabetetik aurrera pil-pilean egotea, orduan hasten direlako haurrak mugimen-independentzia gehiago izaten (lau hankatan ibiltzen hastean, adibidez, “arrisku” gehiago dituzte), baina aldi berean ezezagunei beldur gehien dieten unea ere izaten da (beren burua arriskuetatik “zaintzen” dute hala). 

Gure bizitzako lehenengo urte horietan zaintza egokia jasotzen badugu, gure burmuina ere modu egokian garatzeko probabilitate altuagoak izango ditugu, eta beharrezkoak diren konexio neuronalak garatuko dira. Beraz, zaintza egoki eta ordenatu bat lagungarri izango da haur eta burmuin ordenatu bat lortzeko (Gonzalo, 2009). Ordea, haurra ingurune desantolatu batean bizi bada (hala nola, arduragabekeria, tratu txarrak edo abandonua jasanda), burmuina ez da behar bezala garatzen, eta zenbat eta gazteagoa izan haurra, orduan eta ondorio larriagoak izaten dira (orduan ari delakogure burmuina garatzen eta konexio neuronalak sortzen). 

Atxikimenduaren funtzio garrantzitsuenetariko bat, bizitza ahalbidetzeaz gainera, segurtasuna ematea da. Bere atxikimendu-irudiarengandik lortzen duen segurtasun horri esker, haurrak bere ingurunea arakatzen du: ez du zertan arduratu behar, atxikimendu-irudia hor dagoelako, prest bere beharrizanei erantzuteko; beraz, lasai egon daiteke ingurunea aztertzen, ezagutzen, jolasten… Ingurunea arakatzeak, aldi berean, burmuinaren garapen egokia ere ahalbidetuko du, konexio neuronal berriak ezarriko baitira. 

Bestalde, haurrak, kanpotik zaintza egokiak jasotzean, etorkizunean bere burua behar den moduan zaintzen (eta besteak zaintzen) ere ikasiko du, eta, horrenbestez, osasun fisikoa eta psikikoa bultzatuko da. 

Bukatzeko, azpimarratu beharra dago atxikimendu-irudiarekin ezartzen den harreman honetan oinarrituko dela geroko enpatiaren garapena, eta haurraren garapen soziala oro har. Harreman goiztiar horiei esker ikasiko ditu haurrak komunikazioaren oinarriak, baita ere bere burua ezagutzen, besteak ezagutzen, identifikazio-ereduak ezartzen eta portaera prosozialak garatzen (Ortiz, 1993).


6. Atxikimenduaren garapena 

Atxikimenduaren garapena ez da automatikoa, eta ez da agertzen haurra jaiotzen denetik. Nahiz eta atxikimendu-irudiek (gurasoek) haurra jaiotzen denetik lotura emozional berezi bat senti dezaketen, haurrak denbora gehiago beharko du atxikimendu hori garatzeko. Haurrean atxikimendua garatu ahal izateko baldintza batzuk bete behar dira:

 * Jaiotzetik dituen gaitasunak sendotuz joan beharko du, hala nola, pertzepzioa, ikaskuntza, memoria, arreta… Horiei esker, atxikimendu-irudia ikusi, entzun, usaindu… ahal izango du, haren itxura, ahotsa, usaina gogoratu eta bereizi, hori guztia ezinbestekoa baita atxikimendua garatu ahal izateko.

*  Irudikapen mentalak sortzeko gaitasuna izan behar du. Hori aurrekoarekin lotuta dago: haurrak, bere pertzepziorako, arretarako eta memoriarako gaitasunei esker, inguruko pertsonei buruzko irudikapen mentalak osatu ahal izango ditu.

*  Haren buruaz eta kanpoko pertsonez kontzientzia izan behar du. Haurrak jakin behar du aurrean duen pertsona beste gizaki bat dela, agertu eta desagertu arren existitzen jarraitzen duena. Hau da, Piaget-ek deskribatutako “objektuaren iraunkortasuna” barneratu beharko du.

Atxikimenduaren garapenaren zenbait fase bereizten dira. Ondoren azalduko ditugu (Ortiz, 2000):

 1. fasea: pertsonekiko orientazioa baina zaintzailea bereizi gabe (0-3 hilabete).

Oraindik ezin dugu esan atxikimendua garatu denik, haurrak ez dituelako bereizten bere zaintzaileak eta beste pertsonak. Argi ikusten da pertsonenganako interesa erakusten duela, baina hori ez da nahikoa atxikimendua garatzeko. Egia da oso txikitatik amaren ahotsa eta usaina bereizten dituela, baina oraindik ez du garatu atxikimendu-irudiaren ezaugarri iraunkor eta nabarmenak dituen eskemarik, eta erraz nahas daiteke beste edonorekin.

2. fasea: hurbileko pertsonekiko (ahaideekiko) interakzio pribilegiatua, arrotzak errefusatu gabe (3-7 hilabete).

Hilabete horietan argi ikusten dugu familiako kideekin irribarretsuago dagoela, hots gehiago egiten dituela ahaideekin dagoenean, eta horiek desagertzean protesta-negarra agertzen dela, eta negar hori errazago gelditzen dela familiako kide horiek besoetan hartzen dutenean. Hau da, argi ikusten da hurbileko pertsonak (ahaideak) bereizten eta ezagutzen dituela. Hala ere, oraindik ez ditu arrotzak errefusatzen, eta arrotz batek zaintza egokiak ematen badizkio, zaintza horiek gustura onartuko ditu. Ez du larritasunik erakusten atxikimendu-irudia desagertzen denean. Hobeto esanda, aurrean duen pertsona (atxikimendu-irudia edo ezezagun bat) desagertzen denean haserre ager daiteke, baina pertsonekin egotea gustuko duelako, eta ez atxikimendu-irudia desagertzearen beldur delako. Azken batean, pertsona da estimulu-iturria, eta hori da haurrak gustuko duena. 

Bestalde, etapa honetan haurraren eta atxikimendu-irudiaren arteko sinkronia argi eta garbi ikusten da: koordinatuta daude, eta interakzio horrekin elkarrekin gozatzen dute. Oso garrantzitsua da atxikimenduirudiek haurraren erritmoak errespetatzea eta, horrek etenaldi bat eskatzen duenean, atxikimendu-irudiak hori errespetatzea eta sarkina ez izatea. “Dantza” bat izango balitz bezala uler dezakegu. Ikus dezagun egoera bat:

Adibide horretan amak haurraren mezuak interpretatzen ikasi du (”Itxaron pixka batean, lasaitu beharra dut…”), eta horiek errespetatu ditu (haurraren alboan zain geldituz). Bien arteko koordinazioa egokia izan da, eta biek lortu dute interakzio horretaz gozatzea.  

Ordea, ama horrek ezin izango balu haurraren mezu horiek behar bezala interpretatu eta, adibidez, haurraren arreta erreklamatuko balu (beraren aurrean jarriz, ukituz edo soinuak eginez), beharbada haurrak errefusatuko luke (beste alde batera begiratuz, lekuz aldatuz), eta, hala, frustrazioa sorrarazi bai amarengan, bai haurrarengan.

3. fasea: atxikimendua eta arrotzenganako beldurra (8-12 hilabete). 

Zazpigarren hilabetearen inguruan atxikimendu-irudiarekiko benetako atxikimendua garatzen dela esan dezakegu. Orduan, argi eta garbi ikusiko dugu atxikimendu-irudiarenganako lehentasuna, eta arrotzen ukapena. Atxikimendua garatuta izatearen seinalerik argiena “banatzearen larritasuna” deritzona dugu. Atxikimendu-irudia desagertzen denean, haurra larritu egiten da: negar eginez, garrasi eginez…, ama (edo horren papera betetzen duena) berreskuratzeko asmoz. Ama bueltatzen denean, ordea, lasaitasuna ageri du, eta haren kontaktua eskatzen. Atxikimenduirudia segurtasun-oinarri bilakatzen da, eta haren presentziak edo faltak haurraren esploratzea baldintzatuko dute: atxikimendu-irudia hurbil dagoenean, haurra lasai dago ingurunea aztertzeko, eta, atxikimenduirudia desagertzen denean, haurraren esplorazioa gelditu egiten da.  

Bestalde, “arrotzenganako beldurra” agertuko da: lehen atxikimenduirudia nahiago bazuen ere, ez zituen arrotzak errefusatzen, baina orain atxikimendu-irudiaren zaintza eta presentzia baino ez du nahi izango, eta, horrenbestez, ezezagunak errefusatuko ditu. Ezezagunen aurrean larritasuna ageriko du. Erantzun mota hori 8. hilabetearen inguruan agertuko da, eta urtearen bukaeran nabarmen indartuko da.

4. fasea: elkarrenganako harremanen garapena (18-24 hilabete). 

Fase horretan aurreko hilabeteetan ikusitako larritasuna gutxiagotuz doa apurka-apurka. Orain haurrak bere atxikimendu-irudia irudikatzeko gaitasuna du, eta horrek lasaitu dezake. Gainera, fase horretan hizkuntza ere agertuko da, eta horrek ere egoera berrien aurrean tresna berri batez baliatzen lagunduko dio: amari hots egin, besteek esaten diotena hobeto ulertu, eta abar. Haurrak apurka-apurka ulertuko du amaren desagerpena ez dela atzeraezina izango.


Lau fase horien bukaerak atxikimendu-irudiaren eta haurraren arteko lotura afektibo sendo baten sorrera dakar. Horrenbestez, haurrak ez dauka atxikimendu-irudi horren presentziaren eta kontaktu fisiko etengabearen beharrik, badakielako pertsona hori hor egongo dela behar duenean.

Erreferentzia: 

Jauregizar J. ,(2013), Atxikimendua Ulertzen Hezkuntzaren Ikuspuntutik, Euskal Herriko Univertsitatea. Argitalpen zerbitzua.